viernes, abril 04, 2008

BAKERAKO URRATSAK 07-08

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza-Berrikuntza Zuzendaritzak proiektu pilotu honetan parte hartzea nahi dizue eskertu.

Nortzuk gara?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BOST ikastetxe ezberdinak eta 341 ikasle 2007-2008ko proeiktuaren esperimentazioan murgildurik. Errealitate, sare eta eredu desberdin batzuk ari gara elkarrekin lan egiten proiektu hau osatzeko eta konpartitzeko.
Harremanetan jartzeko:
ELKARBIZITZAN, BAKEAN ETA GIZA ESKUBIDEETAN HEZTEKO PROGRAMA.
bizitrebe@elkarrekin.net

PROIEKTUAREN JUSTIFIKAZIOA

Bake-hezkuntzaren proiektu hau eskola-eremuan praktikan jartzeak, Euskal Herriko indarkeria politiko-terroristaren inguruko egoera historikoarekin duen lotura ikusita eta gatazken eraldaketa eta humanizazio prozesuak kontuan izanda, programa honi ikuspegi konstruktibo eta positibo batetik heldu behar izatea eskatzen digu. Hau da, ahaleginetan erabakitasunez eta kemenez jokatuz, eta zuhurtasuna, sosegua eta moldakortasuna erakutsiz teorien erakuntzan, hitzetan, sinboloetan norbera eta guztiok bere burua proiektuaren barruan onartua ikusteko eta hala izanda, bakoitzarengan konpromisoaren beharra pizteko eta bizikidetzaren alde eta jende-arteko harremanen hobekuntzarako ahal den beste emateko gogoa sortarazteko.

Material hauek, indarkeria gainditzeko bide alternatiboen bilaketa lantzeko eta indarkeriarik gabeko harremanak aztertzeko eta garatzeko proposamena egiten dute. Prozesu honekin, balioen eta interesen gatazka-egoeran maneiatzeko gaitasunak ari gara garatzen eta justifikaziorik gabeko sufrimenduarekiko eta pertsonekiko konpromisora ere hurbiltzen ari gara.

Hezkuntzatik, eta ez bakarrik arlo honetatik kultura sustatzen duten eremu edo instituzio guztien lana delako, bakean hezteko premiari erantzun beharrean gaude, oinarritzat hartzeko eskatzen dizkizuegun planteamendu hauetatik:

-Giro onean bizitzen eta elkar bizitzen ikasteko eta indarkeriazko jokabideak baliatzea eta justifikatzea ez diren bestelako alternatibak aurkitzeko aukera.
-Eskolan bertan eta hezkuntza-elkarte osoari zuzenduta, komunikaziorako eta elkartrukerako gune eta denborak antolatzeko beharra dago. Norberak barne-eraldaketarako prozesua jorratzeko aukera izango du, bere jarrera baloratuko du, hobetzeko aukerak aurkituko ditu eta bake- eta zuzentasun- harremanen hobekuntzan bere konpromisoa eta ekarpena zein izan daitekeen erabakiko du.
-Gizarte-eredu zuzenagoa eraikitzen parte hartzeko aukera, indarkeria kolektiboaz baliatzeak gure gizartean eta pertsonengan sorrarazi duen injustizia kontuan hartuta.
-Kultur anitzak biltzen dituen gizarte honetan balore desberdinekin bizitzeko premia, pertsona eta kultura bakoitzaren espezifikotasunari atxikitako baloreen desberdintasun hori errespetatuz elkarrizketa bultzatzeko.

Ikasleek dagokien une historikoaren errealitatea bizi dute. Eta beren buruei galdetzen diete eta guri galdetu ahal izango digute hauxe: zer gertatzen den, gauzak nola doazen, zer gertatu den orain arte eta, batez ere, nortzuek sufritu duten eta sufritzen ari diren indarkeriazko egoera honetan. Ikasleen garapen prozesu pertsonaletan eta sozialetan arrotzak ez diren gaiak jorratzea eta ezagutzea eskatzen dute eta, sentitutako behar horren aurrean, lan hau proposatzen diegu, bake-hezkuntzaren printzipioetako bat oinarri duena: “bake-hezkuntzak justiziaren eta ahal bada adiskidetzearen bidez baketutako gizarteak eratzea izan behar du eginkizun; baina justizia horrek duen hedadura zehatza bete-betean ulertzeko eta adiskidetze-prozesuetara behar bezala bideratzeko oinarrizko baldintza hauxe da, indarkeria gehien jasaten dutenekin, biktimekin alegia, elkarrizketa enpatikoa sortzearen aldeko jarrera irekia izatea; eta, izan ere, arrazoi horregatik behar dute aktiboki aurrean egon”.[1]

Bestalde, gatazken konponbidearen eta indarkeriaren prebentzioaren inguruan hezkuntza-arloan izan diren esperientzia desberdinetan justifikatu ahal izan denez, gune seguru bat sortzean datza muga, oraindik sendatu gabe dauden zauriak berriro irekiko ez diren gunea: “ikasgelan alegiazko egoerak erabiltzeak, idatzizko kontakizunen edo ikus-entzunezko dokumentuen bidez, oso baliagarria den testuingurua sor dezake arazoei nola aurre egin erakusteko, literalki aztertuz gero arriskuak ekarriko bailituzkete, arrazakeria edo indarkeria, besteak beste”.[2] Bide honetan, Euskal Herrian bizi dugun indarkeriak sortu duen sufrimendura eta biktimen testigantzetara hurbiltzeko ahalegina eta prozesua jorratuko dugu. Zentro berberaren inguruko ibilbide horretan 14-16 urteko gazte-jendeak hurbil bizi izaten dituen arazoetatik hasita, edozein indarkeriak dauzkan mekanismo berberak deskubritzen joateko, indarkeriaren erabilpenaren aldiko bideak aurkitzeko eta bizitza-proiektu pertsonala antolatzeko aniztasuna eta sufritzen ari den pertsonarekiko lotura eta laguntzeko konpromisoa ardatz nagusiak direlarik.

Alternatibak, analisirako bideak eta indarkeriatik harantz doan portaera erlazionala bilatzeak estrategia nagusia izaten hasi behar du gugan, baloreen eta interesen gatazka sortzen denean. Zerbait egin beharrean gaude oraintxe, geroaren zain egon gabe, zirkunstantzia hauetan, orain, inork har ez dezan indarkeria legitimotzat eta arrazionaltzat, edo historia pertsonal eta kulturalarentzako irtenbide eraginkor bakartzat. Barneratze- eta erabakitze- prozesuaz ari gara eta hau garatzen da pertsonen arteko harremanetan, elkarlanerako eta komunikaziorako trebakuntzan eta sentimendu eta bizipenen adierazpenetan. Prozesu honetan jarrera eta portaera positiboak lortu nahi dira, pertsonen eta taldearen garapena sustatu nahi da, eta hiritarrengan elkartasuna eta parte hartzea areagotzea bilatzen da. Prozesua, orduan, luzea, intentsua baina lasaia jarreretan eta enpatiaren garapenean aldaketak nabariak izan daitezen.

Elkarrekin bizitzen ikastea ez da hain zaila, dio M. Segurak[3], eta pentsatzen irakasteko eskatzen digu, gatazkak aldarazteko eta eraginkortasunean eta justizian alternatibak bilatzeko, egoera problematikoetan eragina izaten hasten diren osagai hauek aztertuz: intentzionalitatea, xede sozialak, autoefikaziaren pertzepzioa eta indarkeriaren legitimotasunaren inguruko sinesmenak.

Gerta daiteke eskoletan ezarrita dauden arauak eta sumatzen den giroa kontraesanean egotea lankidetzarako eta indarkeria legitimotzat hartzeari uzteko asmoarekin. Beraz, agerikoa eta ezkutukoa denaren artean sor daitekeen kontraesan horretan arreta jarri behar dugu, eta horretarako parte hartzea garatzea da biderik emankorrena. Gazteek berehala antzematen dute kontraesan hori eta, dudarik gabe, kexak eta salaketak egin behar dira halakoetan.

Era berean, gelako programa honen garapena hezkuntza-elkarte eta inguruko guztiaren inplikaziorako aukera ezin hobea dela uste dugu. Hau dela eta, komunitate osorako jarduerak antolatzea izango litzateke polita eta onuragarria: familiak, irakasleak, administrazioaren eta zerbitzuen pertsonala, ikastetxeko gainerako ikasleak, eta laguntzen diguten inguruko erreferenteak eta erakundeak. Hezkuntza-elkarte osoa bakearen eta giza eskubideen sustapenaren alde azaltzen da eta bizikidetza hobetzeko konpromisoa adierazten du.

Funtsezkotzat jotzen dugu inguruneak, instituzioek, gizarteak eta hedabideek aldaketa-prozesu horretan laguntzea. Kanpainak baino gehiago segimendua egin behar da, lankidetza eskatu eta batera eta koordinatuta eraiki, ikasleek eta ikas-elkarte osoak ekintza globaltzat hartzeko eta ataza honetan lagundua sentitzeko.

Gure gizarte honetan botere arteko erlazio jakin batzuk daude, baita egitura, sinesmen eta mundua ulertzeko modu jakin batzuk ere indarkeria eskatu, babestu, elikatu eta justifikatzen dituztenak. Baliteke horrela izatea beste modu batera egiten ez dakigulako liskarra larria denean edo xedeak justifikatu lezakeenean.

Beraz, alternatibak bilatu eta landu beharko ditugu orduan. M.J. Díaz-Aguadoren hitzetan “gure gizarte honek printzipioz indarkeria gaitzesten badu ere, belaunaldi batetik bestera indarkeria erreproduzitzen laguntzen duten egiturak, rolak, sinesmenak eta irudikapenak mantentzen jarraitzen du”.[4] Eta lan horretan bertan, bestelako erlazio-mota batek berekin ekarriko lituzkeen aldaketak laburbiltzen dizkigu:

*Arazoei beste bide batzuetatik aurre egitea, eta inoiz ere ez indarkeriaren bidetik.
*Indarkeriaren bidea gainditzeko lanean geure buruak inplikatuta ikustea, eta zerbait egiteko, injustiziazko egoerak aldatzen laguntzeko aukerarekin, ez baita “beste pertsona batzuen arazoa”, inplikatzen nauen neurrian axola zaidan arazoa baizik. Era berean, egileak dio indarkeriak ondorio negatiboak dituela biktimarentzat nahiz indarkeriaz baliatzen denarentzat, harremanak eta dagokien testuingurua hondatzen dituelako.
*Indarkeriak indarkeria sorrarazte duela ulertzea. Eta mekanismo horretan norbere burua ez engainatzea besteri errua botaz, aldaketa-prozesu horrekiko edozein erantzukizun edo konpromisotik salbuesten nauen kausalitatearen atribuzio unibokoa, alegia *Ohitura, moldatzea, errutina, inhibizioa eta sentsibilitate falta gainditzea. Geure artean errespetatzeko eta beste pertsonaren premietara hurbiltzeko beharra.
*Estereotipo sexisten boterea eta ahalmen handiko mekanismoak geure gain hartzea.

Ekintzen atzean dauden pertsona guztiak salbatu, aintzat hartu eta aditu ditzagun, ontzat, txartzat, mingarritzat, arrakastatsutzat... har ditzakegun ekintza guztien atzean daudenak. Balio aniztasunari buruz eztabaidatu dezagun eta indarkeria-ezazko portaera- eta jarrera-ereduak bila ditzagun. Hori ere mingarria izan daiteke, baina heriotza baino askoz ere gutxiago.

Sufritzen ari den pertsonarengana hurbil gaitezen eta lagun diezagun, nire axolagabetasunak eta utzikeriak min hori handiago egin dezakeelako. Har dezagun berradiskidetzearekiko konpromisoa eta, gure gizartean ematen den Giza Eskubideen urraketaren aurrean, justiziaren eta ordainaren beharra aldarrika dezagun. Herri honetan indarkeria mota guztiak gainditzea eta harremanak eta instituzioak demokratizatzea ahalbidetuko digun egoera bilatzen has gaitezke.

Baina, batez ere, ikasgelan ekingo diogu elkarbizitza eta bakea sustatzeko lan horri!

HELBURU OROKORRAK.

1.Indarkeria-ezaz baliatzeko estrategiekiko konpromisoaz, bestelako alternatibak bilatzeko ahaleginaz eta honen inguruko hausnarketari buruzko jarrerak eta portaerak garatzea.

2.Indarkeria mota ezberdinak identifikatzea eta Giza Eskubideak bakerako aukeratzat hartzea.

3.Gatazkak giza-dimentsioaz ulertzea eta norberaren eta taldearen garapena lortzeko aukera bihurtzea.

4.Justizian eta elkartasunean oinarrituriko bizi-proiektua indartzea, sufritzen ari diren pertsonak zaintzeko eta beraiekin justuak izateko moduak norberarengan deskubrituz.

5.Indarkeria politiko-terroristaren eraginak pairatu dituzten pertsonekiko enpatia eta entzute aktiboaren jarrerak barneratzea.

6.Indarkeriaren biktimak diren pertsonekiko harreman-tipo berriak irudikatzeko gaitasuna piztea, beraiek urrun sentitzen dituzten instituzioetan eta gizartearengan konfidantza berreskura dezaten.


[1] ARANA,R., HARILLO, S., PRIETO, J.(2006): Historias que nos marcan, Bilbo, Bakeaz.
[2] DÍAZ-AGUADO, M.J.(2006): Del acoso escolar a la cooperación en las aulas, Madril, Pearson, 45. or.
[3] SEGURA, M, (2005): Enseñar a convivir no es tan difícil, Bilbo, Desclée
[4] DÍAZ-AGUADO, M.J.(2006): Del acoso escolar a la cooperación en las aulas, Madril, Pearson, 35-36. or.

No hay comentarios: